miércoles, 8 de marzo de 2017

4.1: Praktika ONen baldintzei buruzko jarduera

Gai honi buruz ausnartzen dudanean...  zalantza eta galdera asko etortzen zaizkit burura. Eskarmentu txikia daukat irakaskuntzan, aurten oraindik nere bigarren urtea baita eta bietan DBHn aritu naiz gehienbat klaseak ematen. Hala ere, denbora tarte honetan gaur egungo sistemak ez duela behar lukeen bezain ondo funtzionatzen jabetu naiz. Ikasleen motibazio falta, eta jarrera pasiboa nabarmenduko nituzke hutsune esanguratsuenak bezela. Baina, zerk eraman du ikaslegoaren portzentai altu bat egoera hontara? Horixe da erantzunik gabeko nere galdera. Irakaskuntzako metodologiek? Irakasleen jarrerek? Gurasoen autoritate faltak? Irakasleen autoritate faltak? Teknologia berriek eragin ahal ditzazketen distrakzioek? Irakasten diren edukien interes faltak?

Praktika on baterako zein osagai den garrantzitsuena erantzuteko, ikasleen garunak nola ikasten duen jakin beharko genuke, horrela errendimendu altuena nola lortu jakitea izango genukeelako. Horixe da neuroheziketak (neuroeducación) ikertzen duena, eta honen arabera, ikasketa ahalbidetzeko ezinbestekoa da emozio bat lortzea, ikaslearen kuriositatea pizteko. Beraz Ainhoa Pujanaren bideotik, ikaslearen alderdi emozionala edo autoestimua azpimarratuko nuke osagai nagusi bezela. Gizakiok bizidun emozionalak gara eta emozioek eramaten gaituzte erronka berrietan murgiltzera. Emozioa eta interesa sortzeko ordea, edukiak eta ikasketa-irakaskuntza prozesuak esanguratsuak izatea beharrezkoak dira. Nola lortu ordea emozioa piztea ikasleengan eta eduki eta ikasketa-irakaskuntza prozesuak esanguratsuak izatea? Baliabide digitalen bidez eta irakaslego komunitatearen sormenaren laguntzaz, unitate interesgarriak landuz adibidez. Maite Goñik esaten zuen bideo batean, eskola asko gara, bakoitzak gutxienez unitate original, dibertigarri eta interesgarri bat sortuko balu....

Aitortu beharra daukat, nere bi urte eskas hauetan, esperientzia faltagatik batipat, metodologia tradizionaletan oinarritzen ari naizela irakaskuntza prozesua. Diagnostikoa nahiko garbia da: Ikasleak ez dituzte edukiak barneratzen, ikaskuntza prozesua sufrimenduarekin lotzen dute, azterketetan bildurra/panikoa izaten dute, azterketetarako buruz ikasten dituzte eduki asko, gauzak ongi ulertu gabe, eta euren helburu bakarra, ebaluaketa saioetako nota ahalik eta altuena lortzera mugatzen da. Guzti honek ba al du zentzurik? Zer nolako ikasleak hezten ari gara?


Zein estrategia/gaitasun berri sartuko nituzke motxilan?
Bostongo, Massachusetts institutoko ikerlari talde batek deskubritu duenaren arabera, ikaslearen garunaren aktibitatea klase magistral baten aurrean, telebistaren aurrean duenaren berdina da: Zeroren parekoa. Hau horrela izanik, klase magistralen pixua askoz txikiagoa izateko garaia da. Nola lortu? Ikasleak klase magistralak etxean landuz eta klase orduak kasu praktikoak talde lanean egitera bideratuz, adibidez. Gizakiak emozionalak izateaz gain, bizidun sozialak gara eta taldean ikasten dugu. Beraz, ikasketa prozesuan ezinbestekoa beharko luke talde lanak txertatzea. 

Hala ere metodologia berri hauek ezingo lirateke txertatu, irakaslego, guraso talde eta zuzendaritzaren oniritzirik eta inplikaziorik gabe. Horrelako berrikuntzak ikastetxe batean sartu nahi baditugu, guztion partaidetza garrantzitsua dela deritzot, ez baitauka zentzurik irakasle bakoitzak metodologi ezberdinak erabiltzea. 

Azkenik, nere esperientziaren arabera, edukietan gehiegi zentratzen garela jabetu naiz. Bi hilabete inguruko jarduna, ordu beteko azterketa batean edo bitan oinarritzen dugu gehienbat, azterketek izaten dutelako ebaluatzeko garaian pixu gehiena. Ez dugu ikaslegoaren aniztasuna gehiegi kontutan hartzen eta horrek, erritmo geldoagoetan ikasten duten ikaslegoaren porrot maila eta autoestimu maila handiagotzen du.  Hori ere zentzuzkoa al da? Ez dakit... 

Galdera, zalantza eta erronka asko mahai gainean.



No hay comentarios:

Publicar un comentario