jueves, 9 de febrero de 2017

IKANOS testaren gogoeta

Kaixo !

Norberaren Konpetentzia digitala neurtzeko egin berri dudan IKANOS Inkesta nahiko interesgarria eta konpletoa iruditu zait eta emaitzak ikusi ondoren, sorpresa handiegirik ez dut izan, tarteko maila bat omen daukat. Hala ere, aitortu beharra daukat 1tik 10 bitarteko erantzunak eman behar diren galderetan orokorrean, puntuazio objetibo bat jartzea ez dela oso errexa suertatzen horrelako inkestetan, eta askotan norberaren perzepzioa, errealitatearekiko ezberdina izaten dela. Adibide gisa, gai baten inguruan ezagupen maila neurtzen duten galderetan, norberak uste bat izan dezake, baina orokorrean uste hori okerra izan... hori dela eta, emaitzak ere modu orokor batean interpretatu behar direla uste dut. Baina, esan bezela, lortutako emaitzak, nere perzpezioarekin nahiko parekatsu leudeke.

Testak orokorrean, konpententzia digitalaren bost ertz ukitzen ditu:

- Informazioa
- Komunikazioa
- Edukiak sortzea
- Segurtasuna
- Arazoak konpontzea.

Inkesta egiteko beste ertzik sartuko ote nuken pentsatzen jarrita...ez zait okurritzen ezer berririk, hiritar digitala zein ikasle / irakasle digitala izateko bost gako horiekin ongi definituta geldituko zelako norberaren profil digitala. Inkesta burutzeko garaian, pixu / galdera gehiago somatu dut segurtasun eta komunikazio ataletan, informazioa, edukiak sortu eta arazoak konpontzeko gaitasunei dagokien ataletan baino eta duda sortzen zait, emaitzen ebaluaketa garaian, zein erizpide erabili den.

Testa ebaluatzeko garaian, segurtasun atala ongi menperatzea, konpetentzia digitalaren esparrurik oinarrizkoena eta garrantzitsuena dela deritzot erabiltze ororentzat. Atal honen barruan, batipat pertsonari eragin ahal dion segurtasun atalak duen garrantzia azpimarratuko nuke. Gailu edo sistemari eragiten dioten arrisku digitalek, ondorio oso txarrak izan ditzazke, baina hala eta guztiz ere ondorio materialak lirateke kasu gehienetan. Aldiz, pertsonari eragin ahal dieten arriskuek, pertsona horrengan ondorio oso larri eta iraunkorrak sor ditzazke. Hori horrela izanik, segurtasun arauak menperatzea, konpetentzia digitala garatzeko lehen pausoa izan beharko lukela pentsatzen dut. Irakasle naizen aldetik, ikasleek segurtasun arau hauek ezagutzea, puntu garrantzitsuena dela pentsatzen dut, interneten ongi gidatzen ikasteko, gidatzeko arauak ezagutzea lehen pausoa baita.



Sareko arriskuak ezagutu

Bestalde, sareko informazioa kudeatzeari dagokionez, interneten dagoen "Infoxikazioa" ongi iragazten jakitea beste erronka inportanteetako bat dela esango nuke. Nere irakaskuntza esperientzia laburrean, ikasleek pentsamendu kritiko gutxi dutela nabarmenduko nuke, hau da, gaitasun gutxi daukate, gai baten inguruko informazio bilaketa baten aurrean textuen fidagarritasuna zalantzan jarri eta informazioa ebaluatzen: Informazio iturri egokiak bilatzen, informazio eguneratua, bilaketa aurreratuak egiten... Askotan ez dira ohartzen interneten dagoen informazioa iragazi egin behar dela eta horretarako modu egokiak erabili behar direla (artikulu akademikoak erabili, artikulu zientifikoak etab...). Hau da, pentsamendu kritikoa sustatzea litzateke euren konpetentzia digitala areagotzeko beste pausoetako bat, eta berau lantzea irakasleon gakoetako bat. 

Informazioa ebaluatzeko pentsamendu kritikoa sustatu

Gainerako hiru atalak, komunikazioarena, edukiak sortzearena eta arazoak konpontzearena, informazioa ebaluatzeko pentsamendu kritikoa sustatuta eta segurtasun arauak ondo menperatuta, beharrizanen eta helburuen arabera ikasten joan beharreko zutabeak lirateke. Testaren ebaluazio txostenak beraz, hiritarron konpetentzia digitala neurtze aldera, pixu gehien beharko luketen atalak segurtasuna eta informazioarena beharko luketela pentsatzen dut.

Azkenik, Maite Goñik bere bideoan komentatzen duen bezela, irakasleontzat ez da nahikoa erreminta digitalak erabiltzeko gaitasuna soilik izatea. Gauza bat da, trebetasuna izatea sarean nabigatzeko garaian eta norberak konpetentzia digitala maila ona izatea, baina beste gauza bat, metodologia on bat erabiltzen asmatzea ikasgelan, erreminta hauen bidez ikasleen ikasketa prozesua areagotu eta konpetentzia digitala barneratzen joateko. Erronka asko mahai gainean, baina hau guztia nola kuadeatzen lagunduko digun erantzun askorik ez dut ikusten momentuz instituzioen aldetik. Ea pixkanaka fruituak lortzen hasten garen denon artean!

No hay comentarios:

Publicar un comentario