lunes, 13 de marzo de 2017

DBH ko praktika ONak

Kaixo guztioi,

Ikastaroko azken lana DBH-n txertatu daitezken praktika eta jarduera ON ei buruzkoa izan da. Ekarpen oso interesgarriak egin ditugu partaide guztion artean eta guzti horiek, beheko apalategiko dokumentuan utzi ditut ikusgai.

Ekarpen hauek guztiek, ondorengo puntuak indartzea izan dute helburu:

- Komunikazioa bultzatu ikasle eta irakasleen artean.
- Edukiak proposatu
- Pentsamendu kritikoa sustatu.
- Sormena eta berrikuntza sustatu
- Kudeaketa-estrategiak kudeatu eta garatu.

Denon artean adostu ditugun puntuen artean, laburbilduz ondorengo hauek azpimarratzea gustatuko litzaidake:

KOMUNIKAZIOARI DAGOKIONEZ:

- Komunikazioa lantzeko ikasleek taldean lan egiten ikasi behar dute: Talde kohesioa lortu.
- Eskolak ez dira irlak izan behar eta komunikatu egin behar ditugu bertan egiten ditugun lanak (beste ikastetxeekin, beste ikasleekin, sare sozialetan...).
- Ikasle eta irakasleen lanak komunikatu egin behar dira.

EDUKIEI DAGOKIENEZ:

- Erronkak proposatu behar dizkiegu ikasleei. Errealitatearekin lotutako erronkak badira hobe. Ikasleek zer esana izan behar dute erronka hauen aurrean.

PENTSAMENDU KRITIKOARI DAGOKIONEZ:

-Gogoeta sor arazi behar diegu ikasleei. Proposatutako edukiek, gaur egungo gizartea hobeto ulertarazten lagundu behar die.

SORMENA ETA BERRIKUNTZARI DAGOKIONEZ:

- Erronken aurrean, ikasleen sormena landu behar dugu. Eurek proposatutako irtenbideak eztabaidatu.

KUDEAKETA ESTRATEGIAK IZATEKO ETA GARATZEKO:

- Irakaslegoaren arteko foroak sustatu.
- Lan metodologiak adostu eta Curriculuma birplanteatu.

Gaur egungo ikasleak ezin ditugu metodologia tradizionalekin hezi, non irakasleak bere azalpenak ematen dituen eta ikasleak azalpen hoiek idazten dituzten euren liburuetan. XXI. mendeko ikasleei pentsamendu kritikoa lantzen erakutsi behar zaie eta horretarako ausnarketak sor arazten dizkien egoerak proposatu behar dizkiegu. Egungo enpresa askok gainera, sormena duten pertsonak bilatzen dituzte lan egiteko, baina, lantzen al dugu ikaslegoaren sormena? Gaur egun daukagun kurrikulum-arekin gai al gara irakaslego guztiok, proposatutako jarduerak martxan jartzeko? Kritiko xamarra naiz momentuz, irakaslegoaren sarea oso zabala baita, eta metodologia hauek irakaslegoaren kohesioaz gain, agian edukiek bestelako enfoke bat behar dutelako. 

Garbi dagoena da, bakoitzak ahal duen neurrian, pauso txikiak egiten hasteko unea dela. Etenik gabeko bidea izan behar du, gizartea abiadura bizian aldatzen bait doa. Norberak sinisten badu aldaketaren beharraz, bere aletxoa ipiniz... gauzak aldatu ditzazke bere neurrian... Eta hori da helburua...

Ea beheko apalategia, horrelako ekimen onekin betez, gehiago ikasten joaten naizen eta praktikan jarriz, fruituak lortzen ikusten hasten naizen, berandu baino lehen !!!





miércoles, 8 de marzo de 2017

4.1: Praktika ONen baldintzei buruzko jarduera

Gai honi buruz ausnartzen dudanean...  zalantza eta galdera asko etortzen zaizkit burura. Eskarmentu txikia daukat irakaskuntzan, aurten oraindik nere bigarren urtea baita eta bietan DBHn aritu naiz gehienbat klaseak ematen. Hala ere, denbora tarte honetan gaur egungo sistemak ez duela behar lukeen bezain ondo funtzionatzen jabetu naiz. Ikasleen motibazio falta, eta jarrera pasiboa nabarmenduko nituzke hutsune esanguratsuenak bezela. Baina, zerk eraman du ikaslegoaren portzentai altu bat egoera hontara? Horixe da erantzunik gabeko nere galdera. Irakaskuntzako metodologiek? Irakasleen jarrerek? Gurasoen autoritate faltak? Irakasleen autoritate faltak? Teknologia berriek eragin ahal ditzazketen distrakzioek? Irakasten diren edukien interes faltak?

Praktika on baterako zein osagai den garrantzitsuena erantzuteko, ikasleen garunak nola ikasten duen jakin beharko genuke, horrela errendimendu altuena nola lortu jakitea izango genukeelako. Horixe da neuroheziketak (neuroeducación) ikertzen duena, eta honen arabera, ikasketa ahalbidetzeko ezinbestekoa da emozio bat lortzea, ikaslearen kuriositatea pizteko. Beraz Ainhoa Pujanaren bideotik, ikaslearen alderdi emozionala edo autoestimua azpimarratuko nuke osagai nagusi bezela. Gizakiok bizidun emozionalak gara eta emozioek eramaten gaituzte erronka berrietan murgiltzera. Emozioa eta interesa sortzeko ordea, edukiak eta ikasketa-irakaskuntza prozesuak esanguratsuak izatea beharrezkoak dira. Nola lortu ordea emozioa piztea ikasleengan eta eduki eta ikasketa-irakaskuntza prozesuak esanguratsuak izatea? Baliabide digitalen bidez eta irakaslego komunitatearen sormenaren laguntzaz, unitate interesgarriak landuz adibidez. Maite Goñik esaten zuen bideo batean, eskola asko gara, bakoitzak gutxienez unitate original, dibertigarri eta interesgarri bat sortuko balu....

Aitortu beharra daukat, nere bi urte eskas hauetan, esperientzia faltagatik batipat, metodologia tradizionaletan oinarritzen ari naizela irakaskuntza prozesua. Diagnostikoa nahiko garbia da: Ikasleak ez dituzte edukiak barneratzen, ikaskuntza prozesua sufrimenduarekin lotzen dute, azterketetan bildurra/panikoa izaten dute, azterketetarako buruz ikasten dituzte eduki asko, gauzak ongi ulertu gabe, eta euren helburu bakarra, ebaluaketa saioetako nota ahalik eta altuena lortzera mugatzen da. Guzti honek ba al du zentzurik? Zer nolako ikasleak hezten ari gara?


Zein estrategia/gaitasun berri sartuko nituzke motxilan?
Bostongo, Massachusetts institutoko ikerlari talde batek deskubritu duenaren arabera, ikaslearen garunaren aktibitatea klase magistral baten aurrean, telebistaren aurrean duenaren berdina da: Zeroren parekoa. Hau horrela izanik, klase magistralen pixua askoz txikiagoa izateko garaia da. Nola lortu? Ikasleak klase magistralak etxean landuz eta klase orduak kasu praktikoak talde lanean egitera bideratuz, adibidez. Gizakiak emozionalak izateaz gain, bizidun sozialak gara eta taldean ikasten dugu. Beraz, ikasketa prozesuan ezinbestekoa beharko luke talde lanak txertatzea. 

Hala ere metodologia berri hauek ezingo lirateke txertatu, irakaslego, guraso talde eta zuzendaritzaren oniritzirik eta inplikaziorik gabe. Horrelako berrikuntzak ikastetxe batean sartu nahi baditugu, guztion partaidetza garrantzitsua dela deritzot, ez baitauka zentzurik irakasle bakoitzak metodologi ezberdinak erabiltzea. 

Azkenik, nere esperientziaren arabera, edukietan gehiegi zentratzen garela jabetu naiz. Bi hilabete inguruko jarduna, ordu beteko azterketa batean edo bitan oinarritzen dugu gehienbat, azterketek izaten dutelako ebaluatzeko garaian pixu gehiena. Ez dugu ikaslegoaren aniztasuna gehiegi kontutan hartzen eta horrek, erritmo geldoagoetan ikasten duten ikaslegoaren porrot maila eta autoestimu maila handiagotzen du.  Hori ere zentzuzkoa al da? Ez dakit... 

Galdera, zalantza eta erronka asko mahai gainean.



miércoles, 1 de marzo de 2017

Unitate Didaktikoa diseinatzen arazo batean oinarrituz


Kaixo guztioi,

Ikasleak euren ikasketa prozesuaren protagonista izateko, eta beraien inplikazio eta motibazioa sustatzeko, arazo erreal batean oinarritutako lanak egitea inportantea iruditzen zait. Era honetako lanek, ikasleen parte hartzea bultzatzen dutelako, sortzaile izatera bultzatzen dutelako eta ikaskideekin lan eginez, adostasunetara heltzen ikasten laguntzen dietelako. Puntu hauek gaur egungo gizartean bizi eta lan egiteko oinarrizko gakoak direla diretzot. Izan ere, nolako pertsonak hezi behar ditugu XXI. mendeko eskolan? Galdera hauxe erantzunez, Amaia Arroyo irakasleak tuiteatutako artikulua oso interesgarria iruditzen zait. Artikulu horretan ondorengo gakoak aipatzen ditu:

- Pertsona kritikoak: Informazioa aztertu eta beraien ikuspegi propioa eraikitzeko gai direnak.
Pertsona autonomoak: Testuingurua kontutan hartuta, erabakiak beraien kabuz hartzeko gai direnak.
- Pertsona sortzaileak: Gauza desberdinak sortzeko, modu disruptiboan pentsatzeko gai direnak.
- Pertsona solidarioak: Eskuzabalak direnak, enpatia dutenak eta besteei laguntzeko prestutasuna agertzen dutenak.



Nolako hezkuntza, halako etorkizuna.

Hala ere, aitortu beharra daukat gaur egungo hezkuntza ereduarekin,  hau guztia praktikan jartzea ez zaidala hain errexa iruditzen edozein gaietan. Matematika bezelako gai batetan adibidez, programazioa nahiko sendoa da, denboralizazioa oso markatuta egoten da eta zoritxarrez denbora izaten da gai osoa lantzeko oztopo nagusiena. Taldekako lan hauek egiteak aldiz, klase ordu dexente eskatzen ditu, eta hor ikusten ditut oztopoak: Denbora falta. Kontraesan hori nola gainditu beharko genuken adostu beharko genuke.

Hor doakizue nere proposamena (ohartxo bat: argazkiaren kalitatea nahiko txarra agertzen zait.. eta ez dut asmatzen hobetzea...). Zabor elektronikoaren inguruan, ikasleen ausnarketa bat egitea planteatzen dut. Gaiak askotarako eman dezake eta ikasleak hainbat konpetentzia garatzeko aproposa dela iruditzen zait.














domingo, 19 de febrero de 2017

NIA aberasteko proposamenak

Nere NIA-ren auto diagnostikoa egin ostean, hona hemen berau aberasteko proposamenak:

1.- Informazioa bilatzeari buruz: Oso inportantea iruditzen zait, informazioa bilatzeko garaian, informazio hori baliotsua izatea, eta Maite Goñi-ren bideoan aipatzen den moduan, "klik-ak" alperrik ez egitea. Infoxikazioa kuadeatzen jakitea, eta horretarako nere intereseko arloaren inguruko informazio iturri-ak ondo hautatzea: Pertsona interesgarriak, web guneak, wiki-ak, irrati saioak ... Nahi dudan informazioa benetan baliotsua, iragazia, hausnartua eta interesgarria izan dadin. Horretarako era bat, Amaia Arroyok bere bideoan dioen moduan, blogetan harpidetzea litzateke, informazio eta jende interesgarria ezagutzeko.

2.- Behin informazio iturri egokiak topatu ondoren, informazio gune horiek ongi kudeatzea ere urrats inportantea da nork bere NIA ongi garatzeko. Horretarako Maite Goñik dioen moduan, "estekategi" egoki bat ahalbidetu beharko nuke, markadore sozial eta etiketa egokiak erabiliz. Hau da, nere intereseko arlo bakoitzaren inguruko esteken artxibategi egoki bat sortu adibidez Diigo, Delicious, Scoopit erabiliz. 

3.- Informazio interesgarri hori nigana etortzeko ni berarengana joan ordez, RSS-ak erabiltzen ikasi beharko nuke, era horretan ez bainuke etengabe artxibategira joaten ibili beharko, eta denbora hobeto aprobetxatuko nuke. 

4.- Lotsak eta nagikeriak alde batetara utzi eta informazioa sortu. Egiten ditugun gauza interesgarrien berri emanez. 

5.-  Jordi Adell-ek bere bideoan aipatzen duen bezela, edonork bere NIA ongi kudeatzeko, karma ona eta esku zabala izan behar du, bere informazioa argitaratuz.  Zure helburua informazioa kontsumitzera soilik mugatzen bada, informazio ekoizleak azkenean zurekin aspertu daitezke. Gainera, besteek zure berri izateak, besteen "feedback-a" jasotzea ahalbidetzen du eta horrek ezagutzaren sarea haunditu. Informazioa argitaratzeko bideak, blog bidez edo twitter bidezkoak izan daitezke besteak beste. Twitter gaur egun, informazio plaza haundi bat bihurtu da eta ekarpen haundia egin dezake. 2. puntuan aipatutako markadore sozialak konpartitzeak ere, komunitate bat sortzea ahalbidetzen du eta horrek norberaren sarea haunditzea lekarke. 

6.- Jarrera kuriosoa eta proaktiboa izan. Gizartea etengabe aldatzen doa. Informazioaren eta ezagutzaren gizartean gaude eta garrantzitsua da, bakoitza bere arloan gaitasunez jantzita egotea. Horretarako, informazio gaurkotua izatea ezinbestekoa da, eta norberaren arloko pertsonek egiten dituzten ekarpenen berri izatea inportantea dela deritzot.

7.- Josu Etxeberria klasekideak dioen bezela, ikastaroetan parte hartzea ere, puntu inportantea dela pentsatzen dut, gauza berriak ikasteko beste era bat baita. Ikastaro hau bezela.

Aurrerantzean puntu hauek eta klasekideek aipatzen dituztenak kontutan izatea da helburua!

M.I



NERE NIA EZAGUTZEN

Egunon #edigcomp guztioi!

Hasteko eta behin, ariketa hau egin ahal izateko irakurri eta ikusitako bideoak, zer pentsatu haundia eman didatela aitortu beharra daukat, eta beste behin nere konpetentzia digitala garatzeko zeregin asko ditudala konturatu naiz. 

Betidanik esan izan da, ignorantzia oso jakintsua izaten dela... Gai baten inguruan asko jakin gabe, hor aritu izaten gara bueltak eta bueltak ematen gauza berdinaren inguruan, asko dakigunaren ustetan. Baina zer hobeago hizketan hasi aurretik, norberaren diagnostiko bat egitea baino, abiapuntua zein den jakiteko. Esandakoa, ariketa hau egiteak nere burua nolabait konpetentzia digitalaren ibilbidean kokatzen lagundu dit eta ez da gutxi!. Aurretik lan haundia daukadala egiteko ohartzea ere ez da ondorio makala!

Hauxe da irudikatu dudan nere NIA-ren mapa:



Jarraian, nere gaur egungo NIA osatzen duten erreminta, baliabide eta inguruneak deskribatuko ditut:

Informazio iturriak: Orain dela gutxirarte Google bilatzailea izan da nere informazio iturririk erabiliena. Hala ere, Twitter kontua erabiltzen hasi naizenetik (duela 4 hilabete ingurutik.. oso berria naiz, beraz), sare sozial honek eskeintzen dituen aukerak oso zabalak direla ohartu naiz. Bilatzaile moduan ere erabili daiteke eta azken aldian geroz eta gehiago erabiltzen dut. Gainerakoan, irratizalea naiz, etxean eta kotxean irratia entzutea oso gogoko dut eta bertan eskeintzen dituzten saio batzuk entzutea gustoko izaten dut ahal dudanean (tartean igande eguerditan Amarauna saioan, sareari buruz egiten duten saioa (Maite Goñi askotan agertzen da :-)). Inguruko lagun, familiako, lankide etab. engandik ere egunero jasotzen dut informazio ugari. 

Komunikazio bideak: Komunikatzeko bideei dagokienez, arlo pertsonala eta arlo profesionala bereiztu nahiko nituzkte. Arlo pertsonalean, telefono mugikorra da gailurik erabiliena eta whatsapp aplikazioa. Esan gabe doa, aurrez aurreko komunikazioa (lagunekin, etxekoekin, eta parean tokatzen den edozeinekin ) gizakiarekin batera doan komunikazio bidea dela. Skype aplikazioa kanpoan bizi den familiako kide batekin hitzegiteko erabiltzen dut gehien. Arlo profesionalari dagokionez, gmail zerbitzua esango nuke dela lankideekin eta ikasleekin komunikatzeko biderik erabiliena (aurrez aurrekoa aparte utzita, noski). Google Drive zerbitzu bidez ere artxibo asko partekatzen ditugu bai ikasle eta bai irakasleen artean. Azkenik, klaseak emateko garaian, arbel digital interaktiboa izaten da klaseak emateko tresna garrantzitsuena. 

Informazioa sortu: Informazioa sortzearena, nere arlo profesionalaren barruan kokatzen dut. Horretarako Cmap Tools erremintaren potentziala azpimarratzea gustatuko litzaidake. Mapa kontzeptualak egiteko baliabide bat da eta klaseak prestatzeko erabili ohi dut. Ikasleei gai bakoitza era kontzeptual batean laburtzeko tresna bikaina. Bestalde, office paketearen barruan, excel, word, eta power point erabiltzen ditut gehien. Aurtengo ikasturtean praktikan jarri ditudan bi erreminta, wikispaces eta python dira. Lehena, ikasleak era kolaboratibo batean informazioa partekatzeko eta euren aportazioen bidez gaiak aberasteko. Hala ere, erreminta honen erabilera, tamalez ez da suertatu oso  didaktikoa, beraien eta nere praktika faltagatik hein haundi batean. Ikasleek ariketa bat gehiago bezela hartu baitute, benetan bere potentziala zein den kontutan hartu gabe. Honen inguruan, hausnarketa bat egin beharra daukat dudarik gabe. Bestetik Python izena duen informatikako programatzeko paketea. Programa ezberdinak egiten ikasteko erreminta. 

Informazioa antolatu: Informazioaren antolaketan zeregin haundia daukat, ez baitauzkat ohitura on gehiegi. Askotan informazioa non gorde dudan ez dut jakiten... eta beraz hobetzeko pendiente daukadan zereginetako bat da. Antolaketarako bide erabiliena Google Drive izaten da. Ordenagailu pertsonalean ere izaten ditut gordeta beste hainbat gauza (pelikulak, argazkiak...) eta azkenik disko gogor mugikorra (USB). Hala ere azken hau, geroz eta gutxiago erabiltzen dut, behin baino gehiagotan ordenagailuan txertatuta utzita joan izan naizelako... eta gero bere bila ibili izan naizelako urduritasunak jota, inork ostu ez diezadan.

Informazioa argitaratu: Informazio ekoizlea baino informazio kontsuminatzaileagoa naiz. Ekoizle modura, Twitteren zeozer argitaratu izan dut, baino oso era anekdotikoan, egia esan. Blog kontu hau izan arte ez dut inoiz publikatu blog batean. Eskolako moodle-an eta Drivean ematen ditut argitara, nik ekoitzitako lanak gehienbat. Calameo eta Slideshare ere erabili izan ditugu aurtengo ikasturtean, ikasleen lan batzuk argitara emateko. 

Analisi honen ondoren, nere auto diagnostikoa zein den jakiten lagundu dit... Orain ohitura txarrak aldatu eta norabide egokian ibiltzen hasteko garaia da! Ekin diezaiogun ba!

M.I


sábado, 11 de febrero de 2017

Interneten irekiak izan behar al gara? Zer da konpetentzia digitala?

Ariketa honetan, bi kontexturi buruzko hausnarketa egitea eskatzen zaigu:

1- Interneten irekia izateari buruzko hausnarketa, batipat hezkuntzari begira.
2- Konpetentzia digitala definitzeko, deskribatzeko eta ulertzeko Europear markoak diseinatu duen markoari buruzko proposamenaren analisia.

Hel diezaiogun lehen puntuari... Pertsonak, bizidun sozialak gara. Taldean bizitzeko jaio gara eta besteengandik ikasten dugu etengabe. Robin Dunbar antropologoak dioen bezela... "hiri haundiak azken mendean sortu dira baina gure bizitza sozialak berdina izaten jarraitzen du azken ehun mila urteetan". Elkarrengandik bizi garen einean, besteek zer egiten duten ikusita ikasi egiten dugu guk egiten duguna hobetzeko. Zalantzarik gabe, interneten lehioak, horretarako nahi adina aukera eskeintzen digu. Baina nora goaz? Internetek zer eskeintzen  digu?
Chris Anderson-en arabera World Wide Web delakoa jada hilda dago eta egia esan eztabaida interesgarria iruditzen zait. Bere arabera, "Long Web is dead. Long live the Internet" artikuluan, mundu digitalak azken urteetan jasan duen aldaketa handienetako bat horixe da, www sare ireki batetik, plataforma erdi irekietara pasatzea (facebook, twitter..). Hau denok ezagutzen dugun errealitate bat da. Gainera, bere arabera, datozen urteetan internetera sartzeko gailu nagusiena mugikorra izango da, ordenagailua izan ordez. Honen arrazoi nagusia interneteko aplikazioak dira zeinak oso ongi txertatzen diren mugikorrek dituzten pantaila txikietan. Aplikazio hauei esker, berehalako informazio pertsonalizatua lortu dezakegu (egunkaria irakurtzeko, eguraldia ikusteko, jendea ezagutzeko, musika entzuteko...) hau da, pantaila zuzenean doa erabiltzailearengana, erabiltzailea pantailan barrena joan ordez. Bere ustez jada, interneteko milaka aplikazioetako bat izatera soilik mugatu da www.

Nire ustez ordea, aplikazioek ez dute web mundua erabat jan. Aplikazioek informazio oso pertsonalizatua eskeintzen digute, hori egia da, baina Patricia Ansorena klasekidearekin bat egiten dut, informazioaren muina apikazioetan txertatzen ditugun web orrietan dagoela. Informazio akademiko eta formala, web orrietan dago.

Carlos Castañorekin bat nator hezkuntzari dagokionez jarraitu behar dugun bidea jakintza askea izatean datzala eta horretarako interneten irekia izan behar dela:
  • "lizentzia ez restriktibo batekin publikatzen den edozein motako eduki (bideo, audio, artikulu...)" deskribatzen du David Willey-k irekia izatea. 
  • "Jakintza irekia da edonork baldin badauka bertara sartzeko aukera, berau erabili, aldatu eta partekatzeko, egilea nor den adieraziz"
Edonork publikatzeko aukerak ordea, informazio horren fiabilitatean eragingo luke. Hau horrela izanda, jarrera kontua aipatzen du puntu inportante bezala jakintza sortzeko garaian. Ausnarketa egokia iruditzen zait. Jarrera pertsonal eta kolektibo egoki bat izatean datza arrakasta, informazioa mantenduz, berrerabiliz, egokituz, birkonbinatuz eta birbananduz (5R).



Adibide modura, software libre eta irekien politika okurritzen zait, bere helburua, kodigo irekiaren bidez, geroz eta software hobeak eskeintzea baita, pertsona ezberdinen programazioko ezagutzak aprobetxatuz softwareak eskeini ditzazken aukerak hobetzen baititu (adibidez, open office). Hau hezkuntzara trasladatuz eta gure kurtsoaren gaiarekin bat eginez, galdera bat planteatzen dut. Ikastetxe batean zerbaitek (metodologia digital batek, material batek, IKT konkretu batek...) ongi funtzionatzen badu eta emaitza onak ematen baditu, zergatik ez mantendu, berrerabili, egokitu, birkonbinatu, eta birbanandu besteekin, denok komunitate berekoak izanik? Ba al daukagu ongi egiten dugun hori, besteekin konpartitzeko ohiturarik? Konpetentzia digitalik ba al dugu hori egiteko?

Ariketaren bigarren puntuari helduz, konpetentzia digitala definitze aldera, hiru adibide aztertuko ditugu. 

1.- Mathew Koehler-en arabera, irakaslearen konpetentzia digitala, ezagutza teknologikoak, pegagokikoak eta kurrikularrak uztartzean datza. Hau da, material kurrikularra, IKT eta metodologia egoki batekin plazaratzea. 
2.- Euskaljakintzaren arabera: CDD=CDI+CDM.  Irakaslearen konpetentzia digital instrumentala, konpetentzia digital metodologikoarekin uztartzea litzateke. Eragiketa honetan,  gaur egun, konpetentzia digital metodologikoa erren gelditzen dela aipatzen du, ez baitugu asmatu gure ezagupen teknologikoak, ikaskuntza eta irakaskuntza prozesura bideratzen. Teknozentrismoan gehiago zentratu gara, irakaskuntza prozesuan nola integratu ausnartzean baino. Horrekin bat nator. 
3.- Azkenik Europako markoak, konpetentzia digitala bost kontzeptuekin lotzen dute:

- Informazioa: Pentsamendu/jarrera kritikoa izan.
- Komunikazioa: Besteekin komunikatzen jakin.
  • Teknologia berriekin komunikatuz
  • Informazioa eta edukiak konpartituz
- Edukiak sortu.

  • Edukiak garatu
  • Edukiak integratu eta berregituratu
  • Egile eskubideak eta lizentziak kontutan izan
- Seguritatea.

  • Dispositiboen protekzioa
  • Datu pertsonalen protekzioa
  • Osasunaren protekzioa
  • Ingurugiroaren protekzioa
- Arazoak konpontzen jakin.

  • Arazo teknikoen soluzioak
  • Behar teknologikoak identifikatu eta erantzunak eman. 

Lehenengo eta bigarren definizioak oso antzekoak lirateke, hezkuntzari enfokatutakoak. Hirugarrena aldiz, osoagoa eta kontzeptu gehiago kontutan hartzen dituena (ez bakarrik hezkuntzari zuzendua); gaur egun konpetentzia digitalari lotutako ertz denak hartzen dituela kontutan deritzot. Garbi dago, konpetentzia digitalaz hitzegiten dugunean, esparru oso zabal bati buruz hitzegiten ari garela eta hori ikastetxeetan ongi txertatzeko bide malkartsu xamar baten aurrean gaudela oraindik, eta irakasleoi exigitzen zaigun erronka haundietako bat dela.




jueves, 9 de febrero de 2017

IKANOS testaren gogoeta

Kaixo !

Norberaren Konpetentzia digitala neurtzeko egin berri dudan IKANOS Inkesta nahiko interesgarria eta konpletoa iruditu zait eta emaitzak ikusi ondoren, sorpresa handiegirik ez dut izan, tarteko maila bat omen daukat. Hala ere, aitortu beharra daukat 1tik 10 bitarteko erantzunak eman behar diren galderetan orokorrean, puntuazio objetibo bat jartzea ez dela oso errexa suertatzen horrelako inkestetan, eta askotan norberaren perzepzioa, errealitatearekiko ezberdina izaten dela. Adibide gisa, gai baten inguruan ezagupen maila neurtzen duten galderetan, norberak uste bat izan dezake, baina orokorrean uste hori okerra izan... hori dela eta, emaitzak ere modu orokor batean interpretatu behar direla uste dut. Baina, esan bezela, lortutako emaitzak, nere perzpezioarekin nahiko parekatsu leudeke.

Testak orokorrean, konpententzia digitalaren bost ertz ukitzen ditu:

- Informazioa
- Komunikazioa
- Edukiak sortzea
- Segurtasuna
- Arazoak konpontzea.

Inkesta egiteko beste ertzik sartuko ote nuken pentsatzen jarrita...ez zait okurritzen ezer berririk, hiritar digitala zein ikasle / irakasle digitala izateko bost gako horiekin ongi definituta geldituko zelako norberaren profil digitala. Inkesta burutzeko garaian, pixu / galdera gehiago somatu dut segurtasun eta komunikazio ataletan, informazioa, edukiak sortu eta arazoak konpontzeko gaitasunei dagokien ataletan baino eta duda sortzen zait, emaitzen ebaluaketa garaian, zein erizpide erabili den.

Testa ebaluatzeko garaian, segurtasun atala ongi menperatzea, konpetentzia digitalaren esparrurik oinarrizkoena eta garrantzitsuena dela deritzot erabiltze ororentzat. Atal honen barruan, batipat pertsonari eragin ahal dion segurtasun atalak duen garrantzia azpimarratuko nuke. Gailu edo sistemari eragiten dioten arrisku digitalek, ondorio oso txarrak izan ditzazke, baina hala eta guztiz ere ondorio materialak lirateke kasu gehienetan. Aldiz, pertsonari eragin ahal dieten arriskuek, pertsona horrengan ondorio oso larri eta iraunkorrak sor ditzazke. Hori horrela izanik, segurtasun arauak menperatzea, konpetentzia digitala garatzeko lehen pausoa izan beharko lukela pentsatzen dut. Irakasle naizen aldetik, ikasleek segurtasun arau hauek ezagutzea, puntu garrantzitsuena dela pentsatzen dut, interneten ongi gidatzen ikasteko, gidatzeko arauak ezagutzea lehen pausoa baita.



Sareko arriskuak ezagutu

Bestalde, sareko informazioa kudeatzeari dagokionez, interneten dagoen "Infoxikazioa" ongi iragazten jakitea beste erronka inportanteetako bat dela esango nuke. Nere irakaskuntza esperientzia laburrean, ikasleek pentsamendu kritiko gutxi dutela nabarmenduko nuke, hau da, gaitasun gutxi daukate, gai baten inguruko informazio bilaketa baten aurrean textuen fidagarritasuna zalantzan jarri eta informazioa ebaluatzen: Informazio iturri egokiak bilatzen, informazio eguneratua, bilaketa aurreratuak egiten... Askotan ez dira ohartzen interneten dagoen informazioa iragazi egin behar dela eta horretarako modu egokiak erabili behar direla (artikulu akademikoak erabili, artikulu zientifikoak etab...). Hau da, pentsamendu kritikoa sustatzea litzateke euren konpetentzia digitala areagotzeko beste pausoetako bat, eta berau lantzea irakasleon gakoetako bat. 

Informazioa ebaluatzeko pentsamendu kritikoa sustatu

Gainerako hiru atalak, komunikazioarena, edukiak sortzearena eta arazoak konpontzearena, informazioa ebaluatzeko pentsamendu kritikoa sustatuta eta segurtasun arauak ondo menperatuta, beharrizanen eta helburuen arabera ikasten joan beharreko zutabeak lirateke. Testaren ebaluazio txostenak beraz, hiritarron konpetentzia digitala neurtze aldera, pixu gehien beharko luketen atalak segurtasuna eta informazioarena beharko luketela pentsatzen dut.

Azkenik, Maite Goñik bere bideoan komentatzen duen bezela, irakasleontzat ez da nahikoa erreminta digitalak erabiltzeko gaitasuna soilik izatea. Gauza bat da, trebetasuna izatea sarean nabigatzeko garaian eta norberak konpetentzia digitala maila ona izatea, baina beste gauza bat, metodologia on bat erabiltzen asmatzea ikasgelan, erreminta hauen bidez ikasleen ikasketa prozesua areagotu eta konpetentzia digitala barneratzen joateko. Erronka asko mahai gainean, baina hau guztia nola kuadeatzen lagunduko digun erantzun askorik ez dut ikusten momentuz instituzioen aldetik. Ea pixkanaka fruituak lortzen hasten garen denon artean!